« Aralarrek Nafarroan alderdien mahaia sortu dezan eskatu dio Miguel Sanzi | Página de inicio | NAFARROAKO LANGILE BATZUK UKITUKO DITUEN “SANYOREN ENPLEGU ERREGULAZIORAKO ESPEDIENTEAK EBAZTEKO KONPROMISOA ETA AUSARDIA” ESKATU DIZKIO BARKOSEK MADRILGO GOBERNUARI »
28/02/06
«Benetako bakea» lortzeko giltza gorrotoa gainditzea dela dio Aralarrek
Legebiltzarrak hilaren 17an onartu zuen mozioak «elkarrizketaren alde lan egiteko» eskatzen duela nabarmendu du Ezenarrok
«Benetako bakea lortzeko gorrotoak gainditu eta gizartea adiskidetzea» beste biderik ez dagoela nabarmendu du Aralarrek. Eusko Jaurlaritzari «garaile eta garaiturik gabeko» bake baten oinarriak jar zitzan eskatuz, joan den otsailaren 17an, EAEko Legebiltzarrak onartu zuen mozioa dela eta, sortu diren «gaizki-ulertuak» argitzeko agerraldia egin zuten atzo Gasteizen Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak eta Mikel Basabe alderdiko koordinatzaileordeak.
Ekimenak EAJ, EB-Berdeak, eta Aralarren botoekin egin zuen aurrera. EA eta PSE-EE abstenitu egin ziren eta PPk kontra bozkatu zuen. Ezker Abertzalea legebiltzar taldeak ez zuen eztabaidan parte hartu. Euskal Herriak bizi duen «gatazka eta indarkeria egoera» elkarrizketaren bidez konpontzeko lan egitea galdegin zion Gasteizko ganberak Jaurlaritzari.Mozioak elkarrizketaren alde lan egiteko eskatzen duela azaldu zuen Aralarreko legebiltzarkide Aintzane Ezenarrok. «Sufrimendu guztiak onartu eta erreparatu» eta garaile eta garaiturik gabeko «gizartearen adiskidetzea» abian jartzeaz hitz egiten duela gogoratu zuen. «Gizartea oinarri duen adiskidetzea, ez biktima eta borreroen artekoa», azaldu zuen.
«Gorrotoa gainditu»
Gorrotoa gainditzen joan behar dela nabarmendu zuen, «nahiz eta batzuek indarberritzen saiatu». Bakea mendekuaren gainean eraikitzen ez dela azpimarratu zuen Aralarreko legebiltzarkideak, «gorrotoak, mendeku gosea eta indarkeria baino ez dakartza eta». Hala, ezelako indarkeriarik ez egotea «premiazkoa» dela adierazi zuen, «ETAk politikari bide emanda eta sakabanaketa politika amaituta».
Beste alde batetik, hainbat alderdiren egoitzen kontra eginiko erasoak, hainbat zinegotziri eginikoak edota hainbat lagunen kontrako «kanpaina mafiosoak» gaitzetsi zituen Aintzane Ezenarrok. Bestalde, PPren diskurtsoak «mehatxu eta gorroto gosea suspertzen saiatzea» salatu zuen Aralarreko legebiltzarkideak.
20:53 Anotado en Berriak | Permalink | Enviar a Email


